BERTSOLARITZA,
BERDINTASUNAREN BIDEAN
Emakume
bertsolariek historian izan duten presentziari buruzko lehen
erreferentziatzat hartu ohi da 1986a,
urte horretan Bertso Txapelketa batean lehen aldiz agertu baitzen
emakume bat: Kristina
Mardaras.
Bera mugarria izan zen, ordutik aurrera hasi baitziren emakumeak
bertsotan. 2009an,
berriz, beste mugarri bat jarri zuen Maialen
Lujanbiok
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazita, historian
txapela jantzi duen lehen emakumean bilakatuta.
Hala
ere, ezin ahaztu daiteke aurretik ere abilezia izan zuten emakume
bertsolariak egon zirela. Historian atzera joanez gero, XV.
mendean Bizkaiko Foruetan
profazadora
izenez ezagutzen ziren emakume bertsolariak ageri dira. Kopla eta
abestiak modu iraingarrian abesten zutela egotzita, jendaurrean
abestea debekatu egin zitzaien foru legearen arabera. Lege horri
erreparatuta ikus daiteke emakumeek dolu eta ospakizunetan bertsoak
idatzi eta abesten zituztela. Bertso haiek Eresiac moduan ezagutzen
ziren.
XIX.
mendera arte
ez
da emakume bertsolarien presentzia berreskuratuko.
Bertso paperetan ageri denez, Bixenta
Mogel
eta De
la Cruz
izeneko erlijioso batek bertsoak idatzi zituen. Bilintxek ere, Joxepa
izeneko emakume bati jarritako bertsoak ere jasotzen dituzte bertso
paperek, emakume bertsolariek plazatan ere abesten zutela
frogatzen delarik.
XX.
mendearen bigarren zatian egin zuen salto emakumeak plazara,
modu nabarmen batean. Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera,
egun bertso eskoletan ari diren haurren %47 neskak dira. Helduen
taldean, berriz, emakumezkoak partaideen % 26 dira. Plazaz-plaza ere,
emakumezko bertsolarien presentzia gorantz doa, oraindik orain
desoreka nabarmena den arren: saioetan emakumeen presentzia %20ekoa
da gaur egun.
Bertsozale
Elkarteak parekidetasunaren alde egin duen lanarik gabe nekez ulertu
daiteke emakume bertsolariek azken urteotan egindako urratsak.
Mugimendu
gisa, 1993an egin zuten lehen aldiz bertsolaritako emakumeen
topaketak,
eta 2003an hasi ziren bertsolaritzako emakumeak elkartzen generoaz
gogoeta egiteko. Orduz geroztik, bertsolaritzaren esparruan formazio
tailerrak eta gaiari buruzko hitzaldiak, elkarrizketak eta artikuluak
apurka apurka ugarituz joan dira. Oholtza gainean ere lehen
esperimentazioak egiten hasi dira, eta baita generoa eta
bertsolaritzari buruzko ikerketak martxan jarri ere (lehena, Jone
Miren Hernandezen eskutik).
Elkarteko
kideek uste dute bertsolaritzan genero prespektiba lantzea funtsezkoa
dela.
Hastapenak: Mardaras eta Loidi
Emakumezko
bertsolaritzan aintzindaria izan zen Kristina
Mardaras (Iurreta,
1948). Zortzi-bederatzi urterekin hasi zen bertsotan bere lagun
taldearekin batera, Durangoko ikastolan, eta 39 urterekin ekin zion
plazan kantatzeari.1983an kantatu zuen lehenbiziko aldiz plazan, eta
berau izan zen ondorengo emakumeei bidea irekitzen lehena. Pozez
gogoratzen du une hori, "gerora ikusita, aro berri bati hasiera
eman zitzaiolako". Esperientzia "polita eta aberatsa"
izan zela dio, baina baita "dudaz eta arduraz" betea: "Asko
zegoen egiteko eta gutxi ematen nuenaren sentsazioa nuen sarri".
Arantzazu
Loidi
Mardarasekin
batera, bertsolaritzan lehen urratsak egin zituen emakumea izan zen
Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967). 12 urterekin hasi zen ikastolan
bertsotan ikasten, eta ondoren, Eskolarteko Txapelketetan hasi zen.
Garai hartan apenas aritzen zen emakumerik bertsotan, eta Loidik ere
hasieran ez zuen emakume kontzientzia handirik. "Ni aritzen
nintzen, nire lagunekin, eta ez nuen emakume bezala egiten".
Gaurko ikuspuntutik begiratuta, zenbait zailtasun izan zituela
aitortzen du, baina orduan naturaltasunez bizi izan zuela.
Euskal
Herriko Txapelduna emakume bat izatea garai batean pentsaezina bazen
ere, orain zerbait naturala dela ematen du.
Aldaketa, bertso-eskolekin
80ko
hamarkada inguruan, bertso-eskolak sortu ziren hainbat ikastoletan
Xabier Amuriza bertsolariaren eskutik, eta horietan akuilu lana egin
zen emakumeen presentziari dagokionez. "Ordura arte jainkoaren
dohai bat bezala zen bertsoa, edo jaio egiten zinen bertsolari edo
ezin zen ikasi. Eta bazirudien dohai hori soilik gizonezkoek zutela",
adierazi du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak (Elgeta, 1978). Bertso
eskolei esker, baina, egoera aldatu dela dio, eta emakumeek bidea
egin dutela. Nolanahi ere, oraindik pauso asko eman behar direla uste
du.
Lujanbio, bide luze baten mugarri berriena
Lorea
Agirre kazetariak Zapia
eta Txapela
lanean sakon aztertu du emakumeek bertsolaritzan duten presentzia.
Ikuspuntu horretatik, Agirrek "oso une interesegarrian"
ikusten du egungo bertsolaritza. "Beti izan dira
erresistentziak, disonantziak, gaur diren bezala", dio.
Emakumeen eraldaketa hori poliki egin dela azaldu du.
Eraldaketa
horren guztiaren irudia 2009an ikusi ahal izan zen, Euskal Herriko
Bertso Txapelketa nagusia Maialen Lujanbiok irabazi zuenean.
Lujanbiok, agurreko bertsoaren hasieran, emakumeen aldarria egin
izana adierazgarria izan zen:
Gogoratzen
naiz lehengo amonen
zapi
gaineko gabaraz,
gogoratzen
naiz lehengo amonez,
gaurko
amaz eta alabaz (...)
Agirreren
esanetan, bertso horrekin Lujanbiok hizkuntzaren eta bertsoaren
transmisioan mendeetan protagonista izan diren emakumeak esparru
publiko nagusira ekarri zituen, "konszienteki", eta hamasei
mila lagunen begien aurrean jarri zuen. "Txapel janzte
ekitaldia, hamasei mila lagunen aurrean, eta Lujanbiok bota zuen
azken agurreko bertsoak laburbiltzen du bertsolaritzaren baitan
emakumeek ireki duten bidea", azpimarratu du.
Gaur eguneko emakume bertsolari batzuk: NOR DA NOR?
IRATXE IBARRA ALAIA MARTIN MIREN AMURIZA UXUE ALBERDI
IRATXE IBARRA ALAIA MARTIN MIREN AMURIZA UXUE ALBERDI
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina